* Gaztelerazko bertsioa / Versión en castellano: EH-X-peditions
Aitorrek egindako bidaiarik luzeena...eta urrunena. 7 hilabete luze munduko beste punta hausnartzen, txirringaz zein oinez hainbat trekking egiten. Hona hemen guztiontzat bere esperientzia.
Aitorrek egindako bidaiarik luzeena...eta urrunena. 7 hilabete luze munduko beste punta hausnartzen, txirringaz zein oinez hainbat trekking egiten. Hona hemen guztiontzat bere esperientzia.
Australia:

Australia, Terra Australis, bestaldean dagoen lur puska, alegia; eta hain urrun egonda, oso bestelakoa den eremua… Erraldoia, itzela!
Itzeltasun hori ulertzeko, kontuan izan behar dugu laugarren Kontinente hori Mendebaldeko Europa bezain zabala dela. Adibide gisa, Ipar-erdialdean “Northern Territory” (Iparraldeko Eskualdea) bada ia hiru aldiz Iberiar Penintsula bezain zabala. Bertan Gasteizen beste jende baino ez da bizi, gehiena hutsik baitago.
Uharte puska horren %90 basamortua da, datu hau oso kontuan hartzekoa da txoko hori ondo ulertu behar bada, behintzat. Ertzean bada ingurune bat zeinetan landare eta zuhaitzak ugariagoak diren. Hala ere, barrualdea baino berdeagoa den tarte horrek sakoneran 70 km besterik ez dauka. Iparraldean klima ia tropikala da, termometroak 40-45 graduko muga egunero urratzen du. Hezetasunari dagokionez, oso handia da. Izan ere, dutxa hartu orduko, toaila hartu aurretik, bazaude berriro ere izerditan.
Australia dugu bigarren kontinenterik lehorrena Antartidaren atzean. Ur ezak eragiten du barrualdea izatea areazko itsaso gorri bizia. Hau jakinda, emango luke paisaia aspergarria gerta litekeela, baina ez da horrela, ezta are gutxiago ere. Itsasbazterrari bizkarra eman orduko, olatuen moduan euren artean oso bestelakoak diren paisaia-gune luzeek jotzen zaituzte aurrera egin ahala.
Paisaia mota batetik beste batera pasatzeko denbora gutxi behar da, baita txirringaz bidaiatzen ere. Horrelakoetan mundu ezin luzeago baina motz batetik aurrekoa bezain luzea baina bestelakoa den beste batera egiten duzu jauzi; gune hauetan guztia osatzen dute oinarrizko koloreek: gorri, berde eta urdinek mugarik gabe nahasturik. Paisaia puskek baino sentsaziozko domino fitxek dirudite gainean erortzen zaizkizunak.
Beste bidaia batzuetan bezala, txirringa aukeratu nuen, tramankulu honi esker uztar baitaitezke ia nahastezinak diren bi aditz: “pasatu” eta “egon”. Izan ere, txirringaz abiadura txikia izaten denez, gehienetan inguruan gertatzen diren aldaketez jabetzeko astirik badaukazu, eta gainera, harreman zuzenean zaude guztiarekin. Hitz batean, toki batetik pasatu bazara, nahiz eta txirringatik jaitsi ez, leku horretan egon zara.
Hasierako egunak Darwinen , Iparraldeko Eremuko hiriburuan, eman nituen. Hiri hau Arabako Abetxuko baino askoz handiagoa ez da. Han bizikleta hibrido bat erosi eta zeharkatu behar nuen unibertso horri buruzko informazioa lortzen saiatu nintzen; kasik bizilagunik gabeko 4,000 km-ko basamortu puska.
Lehen eguna argitu aurretik hasi zen; izan ere, gauean ez nuen oso ondo lo egin, zalantza bat nire gogoan ondo sustraituta: “Iraunen al du ene gurditxoak, edo 40 kiloren pean hautsiko da?”. Goizean goiz altxatu, bidean “errepideko trenak” ezagunak diren kamioi erraldoi horietako gidari batzuen amak aipatu eta bide erdian ondotxo harritu nintzen errepidearen ertzean zegoen noranahiko baten ondotik pasatzean gidariak garagardo bat eskaini zidanean… 45 graduko labe itzel horretan luxu handia izan zen garagardoa. Oso eskertzekoa da australiarren abegia!Eguna amaitu nuen atzean, 92 km eta ontzi bi izerdi; eta aurrean, garagardoa, eguneko bigarrena, eta, patata frijituen artean igeri egiten ez zuen arrain bat, nik noiz jango zain.
Bidea jo aurretik, argi neukan egunerokoari logikaz eutsi arte sufritu behar nuela, hasierako egunak saiakera eta hutsegitez beterik egongo baitziren. Eta halaxe izan zen; hasierako egun horiek oso errazak ez zitzaizkidan gertatu. Hamaika ziren aurrean nituen trabak: ura lortzeko guneen artean distantzia ezin handiagoak, oso tenperatura altuak (40 eta 45 C. artekoak), eta itzela zen hezetasuna (hori zela eta, 100 km-ko 12 litro ur edan behar nituen ez deshidratatzeko), batez ere aurretik joko ninduen haizea, trafikoa… Edonola ere, planak egiterakoan ezin nuen aurreikusi hegodun arerio txiki batek esperientzia zailduko zidala, baina halaxe izan zen. Nire presentziarekin ondoegi ohitu ziren euli batzuen erruz, hamar eta bat izan ziren nire zapiaren azpitik atera ziren madarikazioak. Euli mardul horiek ehunka agertzen zitzaizkidan itzaletara babes bila nindoan bakoitzean. Hauengandik ihes egiteko bide bakarra zen atzean uztea, baina ezta horrela ere.
Horri gehitzen bazaio bidean autoek hilda ikusiko dituzun hamarnaka kanguru ustela, txirringaren gaineko esperientzia, denbora tarte horretan, oporretakoa ez, eta askoz bokaziozkoa izanen da; hor nonbait baten batek zioen bezala, ”zuzeneko arazoak”.
Bidaia berez izan zen Darwin hiriari bizkarra ematea Kakadu parke naturalean murgiltzeko; handik kontinentearen erdialde geografikora abiatu nintzen, barrualde gorrirantz -gorri mota guztietakoa baita barnealde hori-. Erdiaren erdian betiko biztanleentzat sakratua den harkaitz erraldoia bisitatu nuen: Uluru. Distantzian harkaitza baino, mugarik gabeko lautada horretan lurreratu berri zen OHE bat zirudien. Edonola ere, behin ondoan, itxura handiagoa zuen katedral natural batekin, edo egun nahiko higatuta dagoen Lurraren zutabe batekin.
Inoiz-inoiz aurrean duzun paisaia hain da bizia eta koloretsua, ezen egiazko mundu fisiko batetik pasatzen egon baino, ematen du gure irudimenak erditu duen gezurrezko gune paralelo batean ari zarela bidaiatzen.
Beste batzuetan ikuspegia oso desberdina da, agian inurri batek duenarenetik hurbilago dago; horrelakoetan landaretza tunel batean murgiltzen baitzara. Bertan ia ez dago aldaketarik, eta bi pedalen erritmoan egun batzuetan luza daiteke esperientzia “mono-tonoa”.
Kontinentearen
erdialdetik hegoaldera eragin nien pedalei itsasoa ikusi arte.
Hegoaldeko itsasbazterrean emakume izena duen hiria: Adelaida. Han
kontraste handia pairatu nuen: basamortuaren bakardadetik porlanezko
ozeano batean murgilduta egotera pasatu nintzen; jende-inurritegi
horretan neure burua ikusten nuen bakartiago zeharkatu nituen jenderik
gabeko hondar-gune horietan baino. Horrexegatik nire egonaldia gehiegi
luzatu gabe Adelaidatik atera eta Melbourne aldera egin nuen itsaso
ondotik, Ozeanoko Errepide Handia izenekotik. Errepide ez hain handi
horretatik izugarria da toki batzuetan ikuspegia. Izugarriena, agian,
“Hamabi Apostoluak” izena duten haitz batzuk dira.
Melbourneko
hiriko kaleetan erdi galdurik bi egun eman ostean, garraiobidez aldatu
nintzen. Ferryan gau bateko itsaso-zeharkaldia egin, eta Tasmaniara
heldu nintzen.
Tassie:
Justu euskal Herriaren Antipodetan, bizi garen bola espazial bidaiari honen bestaldean, dago Tasmania: Australia eta Antartida kontinenteen artean dagoen uhartea. Gutxi gorabehera 60,000 km2, hau da Irlandaren tamainakoa edo.
Tasmania ez da irla arrunta, ozeanoaren erdian dagoen esmeralda puska baizik; uhartearen herena da gizadiaren ondarea eta bere ipar-mendebaldeko txokoan datza hego hemisferioko oihan epel zatirik zabalena. Bertako giza-biztanleria milioi erdikoa izanik, badauzka oraindik urruneko txokoak, jenderik gabeak, Munduan ia ez diren horietakoak. Izan ere, baten baino gehiagoren iritziz, beharbada gizaki zuriak ez du oraindik zapaldu irlaren txokoren bat edo beste. Uharte honen laztasunaren adibide dugu bertan aztarnarik utzi gabe, betiko, desagertu diren mendizaleen kopuru ez-txikia.
Tasmania da berez Ekialdean “ying-yang” moduan ezagutzen dena, kontrasteen eremua. Hiru hiri nagusietan, Hobart, Devonport eta Launcestonen, bizi da ia populazioa guztia, milioi erdi lagun hori, alegia. Gainontzeko hiritxo eta herrietan oso jende gutxi bizi da, eta erdialdean badira gizakirik gabeko eskualde ezin zabalagoak. Kontraste harremanetan ere badaude uhartearen bi aldeak: ekia eta mendebaldea. Ekialdea lauagoa, ez horren basotsua eta Karibekoak bezalakoak diren hondartza zuriz betea. Mendebaldea, aldiz, itsasertz bortitzagoa, baso beterikoa eta euritsuagoa. Kontrastepean ere badira bi paisaia mota: alde batetik nekazariek eta abeltzainek soildu dituzten eskualdeak, gaur egun zuhaitz gabeak, eta bestaldetik bertako eta betiko oihan euritsu berde argiak, lamien edozein ipuin ilustratzeko modukoak.
Esmeraldaren koloreko irla horretan, berriro ere txirringaren gainean, kostatik erlojuaren norabidean bidaiatu nuen; behin iparraldean, erdialdeko errepideetatik jaitsi nintzen. Bizikletaz gain, bertan botak ere jantzi nituen, eta errepide, mendi-bide, zein bidezidorretan ondo murgilduta, hango mendi, oihan eta lakuak ondotxo ezagutu nituen.
Aipatu behar, baina, irla honen historioaren alderdi "iluna":
Betiko biztanleen historia da hango itsasbazter, mendi eta oihanetan guztiarekin orekan bizi ziren 5,000 aborigenena. Bertakoek milaka urteetan egin zuten bizi-bidea urte gutxi batzuetan amaitu zen Mendebaldeko Europatik heldu ziren barbaro moderno batzuen esku. Zuriek aizkoraz Ingalaterra berri bat zizelkatzen saiatu ziren; hala eta guztiz ere, Ingalaterrako kolonoen ustez, hiru ziren asmo hori betetzeko aurkitu zituzten trabak: irla estaltzen zuten oihanak eta horietan bizi zirenak, aborigenak eta Tasmaniako tigrea, hain zuzen ere.
Etorri berriek berehala larrutu zuten uhartearen gehiena; horrela, basorik gabe, babesik ez zuela, geratu zen. Geroxeago, su-armek jota erori ziren txakur itxura zeukaten katu-marsupial eder horiek: Tasmaniako tigreak. Antzeko zerbait gertatu zitzaien uhartean betidanik zeuden biztanleei, hango aborigenei, hain zuzen ere. Banaka edo taldeka ehizatuak izan ziren, piztiak bailiran. 3,000 kolonok “marra beltza” izena zuen uxaldian uharte osoa arakatu eta 135 aborigen, gehiagorik ez zuten bizirik atxilotu. Aborigen batzuek borroka hautatu zuten, baina hauei ziria sartu zieten zuriek eta aberastasun itzelaren promesak itsututa, borrokalariak oihanetik atera bezain laster, Flinders izeneko irla gorri batera erbesteratu zituzten. Balizko sasi-paradisu latz hartan, gaixotasunek jota eta inolako itxaropenik gabe, lau urte bete gabe hil ziren gehienak. Bizirik zirauen azkenari “erregina” zeritzoten. Truganini, horren titulu gorena bazuen ere, hil ondoren disekatu eta Tasmaniako museora eraman zuten. Bertan 1976 arte egon zen ikusgai. Urte horretan erraustu eta errautsak irlaren badia batean barreiatu zituzten, Truganinik askoz lehenago eskatu zuen bezala.
Aborigen eta europarren artean gertatu zen zoritxarreko harreman hau, zalantzarik gabe genozidioa izan zen. 1793 eta 1876 artean kolonoek Tasmaniako betiko biztanle guzti-guztiak garbitu zituzten, ezta bat bera ere utzi gabe. Europatik etorri berrien ustez, aborigenak pizti hutsak ziren, uhartea kolonizatzeko prozesuan traba egiten zuten basoko animaliak. 1793tik itsasgizon britainiar eta estatu batuarrek emakume aborigen bahitu eta sexu-esklabo gisa erabili zituzten. Paradoxikoa bada ere, horri esker, aborigenen odola daukaten ondorengo batzuk gaur egun arte heldu dira. Orain milaka batzuk dira eta euren lurren aldeko borrokan daude murgilduta.
| Michael eta Tamami agertu behar sarrera honetan...beraiek dakite zergatia! |
Zelanda Berria
Azken hiru hilabeteetan ondoko herrialde baten txanda izan zen: Zelanda Berriarena, alegia. Berriro ere biko bat. Oraingo honetan bata da iparraldeko uhartea eta bestea hegoaldekoa, euren artean ezberdin bezain osagarri.
Hegoaldeko uhartea ez da oso jendetsua. Irla honen bi aldeak, ekia eta mendebaldea, oso bestelakoak dira. Mendebaldean euria egiten du askotan, eta ondorioz handia da betiko oihanak estaltzen duen zatia. Ez da kasualitatea paisaia hau gertatzea parke naturalen mugen barruan; inguru heze eta oroiterazle honetan filmatu zen Tolkienen liburuan oinarritzen zen pelikularen zati bat. Lagun batekin inguru horretan bidaiatzen ari nintzela, Orkoak noiz agertuko geunden zain. Oihanen gainetik hemengo Alpeen ahaideak diruditen mendi harritsuak nagusitzen dira. Ekialdean, aldiz, nagusi dira ondo hesituta dauden larreak eta hauetan bizi diren belarjale-artile-ekoizle horiek. Alde honetan belardiak ez direnak badira pinudiak; paisaia, berez, horren europarra izanik, badirudi Gipuzkoa edo Behe Nafarroako edozein txokotan zaudela.
Iparraldeko uhartean, aitzitik, askoz jende gehiago bizi da. Paisaiari dagokionez, sumendiak dira nagusi; hauek badaude “bizirik baina lo” hangoen hitzetan, eta inoiz-inoiz esnatzen dira. Toki batzuetan, Lurrean baino badirudi Ilargian bazaudela.
Zelanda Berrian, Tasmanian bezala, bizikleta batzuetan alde batean utzi eta oinez murgildu nintzen ahuntzek eta mendizaleek partekatzen zituzten bidezidor batzuetan, urruneko txoko zoragarri batzuk ezagutu arte. Beraz, soinean motxila edo atzean alforjak tokiaren arabera, Hegoaldeko Irlaren hiriburutik, Christchurchetik, hegoaldeko muturreraino bidaiatu nuen eta handik gora egin nuen mendebaldetik Iparraldeko Uharteraino, Aucklandera iritsi arte.
Mendizale baten edo besteren iritziz, esperientzia hibrido honi “8,000 plus txartela” eman lekioke, 8,000 baino gehiago, guztira 9,500, izan baitira horizontalean egin ditudan km-ak; edonola ere ezin alderatu Euskal Herriko mendizale anitzek, askoz meritu handiagorekin, aldapan gora egiten dituzten beste metroko bidearekin.
Azken hausnarketa
Bidaia honetan, hor nonbait nengoela, behin baino gehiagotan etorri zait burura ideia bera. Hots, bidaiariok, edo behintzat bidaiatzen dugunok, egun batean abiatzeko erabakia hartzen dugu, eta aberria, familia, lagunak, hamaika gauza txiki eta gure zatitxo bat atzean utzita, bagoaz beste lurralde batzuetara. Atzean utzitako hori guztia faltan botatzen dugu, baina, aldi berean, badakigu, ondo jakin gainera, bueltan hor izango dugula, ia izozturik, zegoenetan.
Ondo segi!!


