biadaiak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
biadaiak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016-07-02

Bizikletaz bidaiatzeko ezinbestekoak (nabariak ez direnak)

* Gaztelerazko bertsioa hemen / Versión en castellano aquí

Bizikleta-bidaia bat prestatzeko orduan, zalantza asko sortzen zaizkigu; zer eraman behar ote dugun da nagusia. Aldez aurretik halako bidaiaren bat egin dugun edo ez, guztiok dakigu zeintzuk diren behar izango ditugun ezinbestekoak: bizikleta bat (nola ez!), alforjak edo gurdia poltsak eramateko, lo-zorroa eta kanpa denda (aterpe edo pentsioetan lo egin behar ez badugu).

Horietaz gain, badira beste material edo kontu batzuk gure esperientziaren arabera ezinbestekoak direnak, baina etxean lasai-lasai gaudenean agian ez zaizkigu bururatuko. Edonola ere, zin degizuegu oso lagungarriak direla eta faltan botako dituzuela zuekin eraman ezean.


Ipurdiko papera


Agian deigarria irudituko zaizue, batez ere ez baduzue asko bidaiatu modu "abenturazalean". Baina nahiz eta egunero kanpinetara joan, askotan ez dago ipurdiko paperik. Eta ez bakarrik kanpin kutreetan! Badira kanpin "txukun" asko ipurdiko papera eskaintzen ez dutenak. Eta noski, oso sorpresa ezatsegina izan daiteke! ;)

Motxila edo bizikletekin bidaiatzen esperientziarik badaukazue, jada jakingo duzue hau. Baina berriak bazarete mundu honetan, detaile txiki honekin ez zineten konturatuko...eta behar izango duzue!


Resultado de imagen de papel higienico


Bridak


Plastikozko brida arruntak oso erabilgarriak izaten dira. Alforjen euskarri bat apurtuz gero, edo parrilla, edo kremaileraren bat,... Munduaren beste muturrean bazaudete edo aukerarik edo dirurik ez halako arazotxoren bat konpontzeko, bridei esker aurrera egin ahal izango duzue!


Resultado de imagen de bridas de plastico

Guk erabili izan ditugu alforja parrillari lotzeko eta baita parrilla bera bizikletari ere lotzeko bietan euskarria apurtu zitzaigunean. Beraz, badira edo ez dira inportanteak? ;) Eta bridak, etxean egonda ere, ez zaizkigu normalean bururatzen bidaia prestatzean, baina behin bidaian murgilduta zerbait apurtzen bada...orduan faltan botako dira!


Papera eta boligrafoa


Hauek bidaia askoz entretenigarria egingo dizuete eta hurrengo abenturetarako oso lagungarriak izango dira.


Oso erabilgarria da koadernotxo bat izatea, bertan gastuak, kilometroak etabar apuntatzeko. Eta, batez ere, ideiak, faltan bota ditugun gauzak, izan ditugun arazoak edota lagungarriak izan zaizkigunak. Hori guztia oso lagungarria izango da hurrengo bidaia planifikatzerakoan.

Horretaz gain, entretenigarria eta detaile polita da egunerokoa idaztea, jakiteko zer egin eta ikusi dugun egunero.


Pulpoak


Baina ez Galiziakoak! ;p Oso erabilgarriak dira pulpoak. Balio digute alforjetatik kanpo gauzak eskegita eramateko, kanpoan zorroei eusteko edota eraman dezakegun zama extra ondo trabatu ahal izateko.


Guk, gainera, erabili ohi ditugu kanpa dendari euritarako babesa lotzeko. Horretarako, trabatzen dugu plastiko bat 4 pulporekin, tenkatzen dugu guztia eta horra hor emaitza: denda erdi estalita eta denda aurreko gunetxo babestua! Asmakizun hau bereziki lagungarria izan zen Islandian, egun askotan euria egin baitzigun.


Arroparako pintzak

Arropa zabaltzeko bakarrik balio dutela uste baduzue, oker zaudete. Bai, hori da beraien funtzio nagusia, baina oso ondo etorriko zaizkizue janari paketeak ixteko, dendaren ateari eusteko, aurrekoan aipatutako aurreko babestoki hori egiteko,...

Resultado de imagen de pinzas ropa


Plastikozko lona

Lehenago aipatu dugu euritarako "abanze" bat... Ba, halako plastiko bat erabili genuen.



Agian premiazkoa ez den osagarria irudituko zaizue, baina benetan erabilgarria da. Dendaren azpian jarri daiteke oso hareatsua den toki batean akanpatzen baduzue. Edo, euria ari badu eta guztia oso bustita badago, plastikoa jarrita denda azpia babestuko dugu. Horrela saihestuko dugu alde hori bustitzea eta, batez ere, hezetasuna sartzea eta denda barruan daukagun guztia, lo zakua barne, bustitzea.

Edonola ere, guk plastikoa batez ere erabili dugu denda aurrealdea luzatzeko. Egun batzuk jarraian euria egiten harrapatzen badituzue eta denda toki gutxi badauka, espazio extra lortu dezakezue plastiko bat, pulpoak eta pintzak erabiliz. Horrela, sukaldatzeko eta babestuta egoteko toki gehiago izango duzue eta fardelak ere babestuta egongo dira.


Hemen ikus dezakezue nola egin genuen...txinpartak atera genizkion!


Jakina denez, askoz gauza gehiago daude ezinbestekoak direnak, baina nabariagoak dira eta errazago da haiekin gogoratzea. Hemen jarri dizkizuegunak, inoiz bizikletaz bidaiatu ez baduzue aukera handia dago haiekin ez konturatzea ezta burutik pasatzea ere.

Espero dugu lagungarria izatea!

Hurrengora arte!

2015-08-08

Toscana bizikletaz

* Gaztelerazko bertsioa / Versión en castellano: Toscana

Iratxek egindako lehenetariko bidaia bat, gaur egun osatzen dugun "ekipo" hau sortu baino lehen. 12 egun izan ziren soilik, baina ondo aprobetxatuta eta bidaiatzeko modu honekin maitemintzeko nahiko baino gehiago. Hona hemen bere esperientzia:

Toscana


Toscanako eskualdea, Italian, oso famatua eta turistikoa da. Oso ohikoa da autoz edo motorraz egitea, baina, zergatik ez bizikletaz? Bizikletak aukera paregabea ematen dizu tokiak sakon ezagutzeko eta paisaiak miresteko, edozein motordun ibilgaiuk baino hobeto. Motelago zoaz, beraz, xehetasunei gehiago erreparatzen diezu eta, nola edo hala, paisaiaren parte zara.




Nahiz eta iraila izan, bero handia egiten zuen. Baina turista asko egon arren (noiz ez dago, bada, turistarik Italian?), ez zen udan egon daitekeen jendetza.




Hori bai, ezjakinegia izan nintzen, ez dakit zergatik uste nuen bertaratu aurretik guztia nahiko laua izango zela...ezta pentsatu ere! Mendixkaz beteriko eskualdea da; errepide txiki guztiak herrien erditik pasatzen dira eta, nola ez, muinoetan kokatuta daude herrixkok. Beraz, egunero aldapan gora eta behera ibili behar. Baina ahalegin guztiek saria daukate: ezagutzen dira herri zoragarriak, inguruko paisaiak eta Italiako gastronomia. 

Ay ama, ze nolako piura!!


Massan hasi nuen bidaia (Milanetik ailegatu nintzen trenez), Carrarako inguruan. Hemendik ikus daitezke zuri koloreko mendiak itsasoaren ondoan eta badirudi elurtuta daudela. Baina kolore hori marmolak ematen dio. Antza, hortik ateratzen zen Miguel Angel eskultore famatuak erabiltzen zuen marmola.

Handik abiatuta, Viareggioraino heldu nintzen; kostaldeko hiri bat da bere ihauteriengatik famatua dena. Luccarako bidean lehenengo kilometroak astun samarrak izan ziren, autobidearen paretiktrafiko handia zegoelarik.




Lucca hiri txiki bat da, hesituta, bere kale estuek paseatzera gonbidatzen dute. Beti errepide txikietatik jarraituz, Montecatini Termera ailegatu nintzen mendixka baten goi partean zegoen kanping batean lo egiteko. Ikuspegiak itzelak!



Hurrengo geltokia Vinci izan zen. Bai, Leonardo da Vinci handiaren jaioterria. Herri oso txikia da; bertan museo bat dago eta bere maisulan batzuen eskultura batzuk daude. Baina, bitxikeria moduan, ez zen herri honetan jaio, baizik eta handik 5 kilometrora dagoen herrixka batean. 

Hortik Florentziarako bidean, trafikoa eta errepide handiak ahalik eta gehien sahiesteu behar.






Vincikoen filosofia: errazagoa da garbi mantentzea garbitzea baino :)

Florentzia, edo Firenze italieraz, Toscanaren eta Errenazimenduaren hiriburua da. Ez da oso handia eta bisitatzekoa dena erdialdean dago, beraz, egokiena da bizikleta utzi eta bere kaleetan murgiltzea. Gizadiaren Ondarea izendatu zuten eta txoko oro arte, historia eta arkitekturaz beteta dago. 





Eskultura asko ikusten dira kaleetatik, bertan dago Miguel Angelen David eskultura ospetsua. Hori gutxi balitz, Piazzale Michelangelotik ikus daitezkeen ilunsentiak izugarri ederrak dira. 





Chianti


Chiantia, ("kianti" ahoskatzen da) Italiako prestigio handiko ardo beltza da, oso ezaguna mundu osoan. Izen hori dauka Chianti haranean ekoizten delako, Toscanaren bihotza den haranean, hain zuzen ere. Florentzia eta Sienaren arteko mendixken eta Arezzo eta Pisa arteko mendixken artean dago kokatuta. Eskualde honetan topatzen ditugu Toscanarekin lotzen ditugun paisaia tipikoak: mendixkak nonahi, mahastiak, hesituta dauden Erdi Aroko herrixkak eta etxezar izugarriak. Hori bai, bizikletaz bidaiatzeko eskualde hau "hankahauste" izugarria da: denbora guztian maldan gora eta maldan behera. Ni ziur nago igo nuela jeitsi nuena baina askoz ere gehiago!


Greve in Chianti herrian zorte handia izan nuen eta ardo azoka bat topatu. Herrian zegoen giroa itzela eta bertako ardoak dastatzeko aukera zegoen. Egun horretako anekdota: gizon bat hurbildu eta hasi zitzaidan kontatzen Santiago Bidea bitan egin zuela eta Florentziatik hurbildu zela azokara bizikletaz. zortzi ardo edanda zihoanez, ari zen paseatzen eta pastel bat jaten "zorabioa" pasatzeko eta etxera itzultzeko gai izateko! Baina eguerdian 38 graduko tenperatura eta ardo beltza ez dira oso bateragarriak...batez ere bizikletaz abiatu behar bazara!


Toscanako edozein biratan ezinbestez ezagutu behar diren herrien artean Montepulciano dugu. Herria malda bateandago kokatuta, beheko partetik goiko plazaraino 11 kilometroko batean hain zuzen ere. Baina ahalginak merezi du. 

Ezinbestekoa den hurrengo geltokia Montalcino da. Hara heltzeko ere indarra agortu gabe izan behar, ez bada "pajararik" sufritu nahi. Igoera luzea da oso, une oro ikusten duzu herria hor, parean, baina ailegatu ezinik. Hori bai, behin ailegatuta ikuspegiak apartak dira.



Hortik Sienarako bidean, paisaia ederrez inguratuta. Mahastiak, mendixka berdeak, soruak eta etxezarrak. Tamalez, iraila izanda koloreak ez ziren udaberrian topatu daitezkeenak bezain bizi eta anitzak. Siena hiria izen bereko probintziaren hiriburua da eta bere erdialdea Gizadiaren Ondarea izendatu zuten. Ez da harritzekoa, katedrala izugarria eta Piazza del Campo txoko paregabea baita. Bertan ospatzen da Palioa, plazan bertan egiten den zaldi lasterketa hiriko auzo ezberdinen artean. Gehiago jakin nahi izanez gero, Wikipedia bedeinkatuak lagunduko dizue!! 



Siena atzean utzita, ipar-mendebalderuntz abiatu nintzen, beti mahats-soroen artean. San Gimignano izan zen geltokia. Herri hau da inoiz ezagutu dudan herririk izugarriena. Erdi Aroko herribildu txikia, Gizadiaren Ondarea, mendixka baten gainean datzana Dorreak dira atentzio gehien ematen dutena. Urrutitik, bizikletaz hurbildu ahala, ikus daitezke dorre horiek, erraldoiak balira bezala. Hamahiru dira, hain zuzen ere, geratzen diren dorre guztiak. Garai batean 72 zeuden! Erdi Aroan, dorreak poterearen ikurra ziren eta hango familiek "borrokatzen" zuten ahalmen handien nork zeukan erakusteko. Herriko kaleetatik paseatzeak txiki-txiki sentiarazten zaitu, inurrien parean. Baina, horren herri berezia izanda, nahiz eta txikia izan, imajinatu dezakezue turistaz beteta dagoela.



Bidaiaren azken aurreko geltokia: Volterra. Erdi Aroko beste harribitxi bat da, hesituta eta jauregiz, dorretxez eta historiaz betea. Alabastroagatik ere da famatua. Baina, egia esan, ez nuen asko disfrutatu herri honetan, kriston haizezakarra baitzebilen. Haraino ailegatzea izugarri kostatu zitzaidan, trafiko handiko errepide batetik eta denbora guztian haizeak errepideruntz bultzatzen ninduen.


Azken kilometroak maldan behera edo lauak, behintzat, izan ziren (azkenik!), kostaldera ailegatu arte, Cecina izeneko herri batera, hain zuzen ere. Han, Pisaraino eraman ninduen tren bat hartu nuen. Pisan bidaia honi amaiera emango zion hegazkina neukan zain, baina ordu batzuetako tartetxo bat izan nuen hiriko kaleetatik paseatzeko. Nola ez, Piazza dei Miracoliraino hurbildu nintzen, non katedrala, baptisterioa eta dorre famatua dauden. Dibertigarria da oso ikustea turista guztiak argazki tipikoa ateratzen: dorrea eusten ari direla. Noski, neuk ere badaukat halako argazki bat!


Hamabi egun toperaino aprobetxatuta eta argi geratu zitzaidan Toscana ezagutzeko modurik aproposena bizikletaz dela. Kilometro bakoitzak merezi izan zuen eta pedalei eragiten nien bakoitzean toki izugarrietara hurbiltzen nintzen. Halako bidaia bat egiteko aukera baduzue, ez izan zalantzarik!

Hurrengora arte!

2015-03-23

Australia, Tasmania eta Zelanda Berria

* Gaztelerazko bertsioa / Versión en castellano: EH-X-peditions

Aitorrek egindako bidaiarik luzeena...eta urrunena. 7 hilabete luze munduko beste punta hausnartzen, txirringaz zein oinez hainbat trekking egiten. Hona hemen guztiontzat bere esperientzia.

Australia:




Australia, Terra Australis, bestaldean dagoen lur puska, alegia; eta hain urrun egonda, oso bestelakoa den eremua… Erraldoia, itzela!
Itzeltasun hori ulertzeko, kontuan izan behar dugu laugarren Kontinente hori Mendebaldeko Europa bezain zabala dela. Adibide gisa, Ipar-erdialdean “Northern Territory” (Iparraldeko Eskualdea) bada ia hiru aldiz Iberiar Penintsula bezain zabala. Bertan Gasteizen beste jende baino ez da bizi, gehiena hutsik baitago.  

Uharte puska horren %90 basamortua da, datu hau oso kontuan hartzekoa da txoko hori ondo ulertu behar bada, behintzat. Ertzean bada ingurune bat zeinetan landare eta zuhaitzak ugariagoak diren. Hala ere, barrualdea baino berdeagoa den tarte horrek sakoneran 70 km besterik ez dauka. Iparraldean klima ia tropikala da, termometroak 40-45 graduko muga egunero urratzen du. Hezetasunari dagokionez, oso handia da. Izan ere, dutxa hartu orduko, toaila hartu aurretik, bazaude berriro ere izerditan.


Australia dugu bigarren kontinenterik lehorrena Antartidaren atzean. Ur ezak eragiten du barrualdea izatea areazko itsaso gorri bizia. Hau jakinda, emango luke paisaia aspergarria gerta litekeela, baina ez da horrela, ezta are gutxiago ere. Itsasbazterrari bizkarra eman orduko, olatuen moduan euren artean oso bestelakoak diren paisaia-gune luzeek jotzen zaituzte aurrera egin ahala. 

Paisaia mota batetik beste batera pasatzeko denbora gutxi behar da, baita txirringaz bidaiatzen ere. Horrelakoetan mundu ezin luzeago baina motz batetik aurrekoa bezain luzea baina bestelakoa den beste batera egiten duzu jauzi; gune hauetan guztia osatzen dute oinarrizko koloreek: gorri, berde eta urdinek mugarik gabe nahasturik. Paisaia puskek baino sentsaziozko domino fitxek dirudite gainean erortzen zaizkizunak.


Beste bidaia batzuetan bezala, txirringa aukeratu nuen, tramankulu honi esker uztar baitaitezke ia nahastezinak diren bi aditz: “pasatu” eta “egon”. Izan ere, txirringaz abiadura txikia izaten denez, gehienetan inguruan gertatzen diren aldaketez jabetzeko astirik badaukazu, eta gainera, harreman zuzenean zaude guztiarekin. Hitz batean, toki batetik pasatu bazara, nahiz eta txirringatik jaitsi ez, leku horretan egon zara.


Hasierako egunak Darwinen , Iparraldeko Eremuko hiriburuan, eman nituen. Hiri hau Arabako Abetxuko baino askoz handiagoa ez da. Han bizikleta hibrido bat erosi eta zeharkatu behar nuen unibertso horri buruzko informazioa lortzen saiatu nintzen; kasik bizilagunik gabeko 4,000 km-ko basamortu puska.



Lehen eguna argitu aurretik hasi zen; izan ere, gauean ez nuen oso ondo lo egin, zalantza bat nire gogoan ondo sustraituta: “Iraunen al du ene gurditxoak, edo 40 kiloren pean hautsiko da?”. Goizean goiz altxatu, bidean “errepideko trenak” ezagunak diren kamioi erraldoi horietako gidari batzuen amak aipatu eta bide erdian ondotxo harritu nintzen errepidearen ertzean zegoen noranahiko baten ondotik pasatzean gidariak garagardo bat eskaini zidanean… 45 graduko labe itzel horretan luxu handia izan zen garagardoa. Oso eskertzekoa da australiarren abegia!Eguna amaitu nuen atzean, 92 km eta ontzi bi izerdi; eta aurrean, garagardoa, eguneko bigarrena, eta, patata frijituen artean igeri egiten ez zuen arrain bat, nik noiz jango zain.


Bidea jo aurretik, argi neukan egunerokoari logikaz eutsi arte sufritu behar nuela, hasierako egunak saiakera eta hutsegitez beterik egongo baitziren. Eta halaxe izan zen; hasierako egun horiek oso errazak ez zitzaizkidan gertatu. Hamaika ziren aurrean nituen trabak: ura lortzeko guneen artean distantzia ezin handiagoak, oso tenperatura altuak (40 eta 45 C. artekoak), eta itzela zen hezetasuna (hori zela eta, 100 km-ko 12 litro ur edan behar nituen ez deshidratatzeko), batez ere aurretik joko ninduen haizea, trafikoa… Edonola ere, planak egiterakoan ezin nuen aurreikusi hegodun arerio txiki batek esperientzia zailduko zidala, baina halaxe izan zen. Nire presentziarekin ondoegi ohitu ziren euli batzuen erruz, hamar eta bat izan ziren nire zapiaren azpitik atera ziren madarikazioak. Euli mardul horiek ehunka agertzen zitzaizkidan itzaletara babes bila nindoan bakoitzean. Hauengandik ihes egiteko bide bakarra zen atzean uztea, baina ezta horrela ere.


Horri gehitzen bazaio bidean autoek hilda ikusiko dituzun hamarnaka kanguru ustela, txirringaren gaineko esperientzia, denbora tarte horretan, oporretakoa ez, eta askoz bokaziozkoa izanen da; hor nonbait baten batek zioen bezala, ”zuzeneko arazoak”.


Bidaia berez izan zen Darwin hiriari bizkarra ematea Kakadu parke naturalean murgiltzeko; handik kontinentearen erdialde geografikora abiatu nintzen, barrualde gorrirantz -gorri mota guztietakoa baita barnealde hori-. Erdiaren erdian betiko biztanleentzat sakratua den harkaitz erraldoia bisitatu nuen: Uluru. Distantzian harkaitza baino, mugarik gabeko lautada horretan lurreratu berri zen OHE bat zirudien. Edonola ere, behin ondoan, itxura handiagoa zuen katedral natural batekin, edo egun nahiko higatuta dagoen Lurraren zutabe batekin.


Inoiz-inoiz aurrean duzun paisaia hain da bizia eta koloretsua, ezen egiazko mundu fisiko batetik pasatzen egon baino, ematen du gure irudimenak erditu duen gezurrezko gune paralelo batean ari zarela bidaiatzen. 

Beste batzuetan ikuspegia oso desberdina da, agian inurri batek duenarenetik hurbilago dago; horrelakoetan landaretza tunel batean murgiltzen baitzara. Bertan ia ez dago aldaketarik, eta bi pedalen erritmoan egun batzuetan luza daiteke esperientzia “mono-tonoa”.





Kontinentearen erdialdetik hegoaldera eragin nien pedalei itsasoa ikusi arte. Hegoaldeko itsasbazterrean emakume izena duen hiria: Adelaida. Han kontraste handia pairatu nuen: basamortuaren bakardadetik porlanezko ozeano batean murgilduta egotera pasatu nintzen;  jende-inurritegi horretan neure burua ikusten nuen bakartiago zeharkatu nituen jenderik gabeko hondar-gune horietan baino. Horrexegatik nire egonaldia gehiegi luzatu gabe Adelaidatik atera eta Melbourne aldera egin nuen itsaso ondotik, Ozeanoko Errepide Handia izenekotik. Errepide ez hain handi horretatik izugarria da toki batzuetan ikuspegia. Izugarriena, agian, “Hamabi Apostoluak” izena duten haitz batzuk dira.


Melbourneko hiriko kaleetan erdi galdurik bi egun eman ostean, garraiobidez aldatu nintzen. Ferryan gau bateko itsaso-zeharkaldia egin, eta Tasmaniara heldu nintzen.


Tassie:




Justu euskal Herriaren Antipodetan, bizi garen bola espazial bidaiari honen bestaldean, dago Tasmania: Australia eta Antartida kontinenteen artean dagoen uhartea. Gutxi gorabehera 60,000 km2, hau da Irlandaren tamainakoa edo.


Tasmania ez da irla arrunta, ozeanoaren erdian dagoen esmeralda puska baizik; uhartearen herena da gizadiaren ondarea eta bere ipar-mendebaldeko txokoan datza hego hemisferioko oihan epel zatirik zabalena. Bertako giza-biztanleria milioi erdikoa izanik, badauzka oraindik urruneko txokoak, jenderik gabeak, Munduan ia ez diren horietakoak. Izan ere, baten baino gehiagoren iritziz, beharbada gizaki zuriak ez du  oraindik zapaldu irlaren txokoren bat edo beste. Uharte honen laztasunaren adibide dugu bertan aztarnarik utzi gabe, betiko, desagertu diren mendizaleen kopuru ez-txikia.



Tasmania da berez Ekialdean “ying-yang” moduan ezagutzen dena, kontrasteen eremua. Hiru hiri nagusietan, Hobart, Devonport eta Launcestonen,  bizi da ia populazioa guztia, milioi erdi lagun hori, alegia. Gainontzeko hiritxo eta herrietan oso jende gutxi bizi da, eta erdialdean badira gizakirik gabeko eskualde ezin zabalagoak. Kontraste harremanetan ere badaude uhartearen bi aldeak: ekia eta mendebaldea. Ekialdea lauagoa, ez horren basotsua eta Karibekoak bezalakoak diren hondartza zuriz betea. Mendebaldea, aldiz, itsasertz bortitzagoa, baso beterikoa eta euritsuagoa. Kontrastepean ere badira bi paisaia mota: alde batetik nekazariek eta abeltzainek soildu dituzten eskualdeak, gaur egun zuhaitz gabeak, eta bestaldetik bertako eta betiko oihan euritsu berde argiak, lamien edozein ipuin ilustratzeko modukoak.




Esmeraldaren koloreko irla horretan, berriro ere txirringaren gainean, kostatik erlojuaren norabidean bidaiatu nuen; behin iparraldean, erdialdeko errepideetatik jaitsi nintzen. Bizikletaz gain, bertan botak ere jantzi nituen, eta errepide, mendi-bide, zein bidezidorretan ondo murgilduta, hango mendi, oihan eta lakuak ondotxo ezagutu nituen.




Aipatu behar, baina, irla honen historioaren alderdi "iluna":

Betiko biztanleen historia da hango itsasbazter, mendi eta oihanetan guztiarekin orekan bizi ziren 5,000 aborigenena. Bertakoek milaka urteetan egin zuten bizi-bidea urte gutxi batzuetan amaitu zen Mendebaldeko Europatik heldu ziren barbaro moderno batzuen esku. Zuriek aizkoraz Ingalaterra berri bat zizelkatzen saiatu ziren; hala eta guztiz ere, Ingalaterrako kolonoen ustez, hiru ziren asmo hori betetzeko aurkitu zituzten trabak: irla estaltzen zuten oihanak eta horietan bizi zirenak, aborigenak eta Tasmaniako tigrea, hain zuzen ere.



Etorri berriek berehala larrutu zuten uhartearen gehiena; horrela, basorik gabe, babesik ez zuela, geratu zen. Geroxeago, su-armek jota erori ziren txakur itxura zeukaten katu-marsupial eder horiek: Tasmaniako tigreak. Antzeko zerbait gertatu zitzaien uhartean betidanik zeuden biztanleei, hango aborigenei, hain zuzen ere. Banaka edo taldeka ehizatuak izan ziren, piztiak bailiran. 3,000 kolonok “marra beltza” izena zuen uxaldian uharte osoa arakatu eta 135 aborigen, gehiagorik ez zuten bizirik atxilotu. Aborigen batzuek borroka hautatu zuten, baina hauei ziria sartu zieten zuriek eta aberastasun itzelaren promesak itsututa, borrokalariak oihanetik atera bezain laster, Flinders izeneko irla gorri batera erbesteratu zituzten. Balizko sasi-paradisu latz hartan, gaixotasunek jota eta inolako itxaropenik gabe, lau urte bete gabe hil ziren gehienak. Bizirik zirauen azkenari “erregina” zeritzoten. Truganini, horren titulu gorena bazuen ere, hil ondoren disekatu eta Tasmaniako museora eraman zuten. Bertan 1976 arte egon zen ikusgai. Urte horretan erraustu eta errautsak irlaren badia batean barreiatu zituzten, Truganinik askoz lehenago eskatu zuen bezala.


Aborigen eta europarren artean gertatu zen zoritxarreko harreman hau, zalantzarik gabe genozidioa izan zen. 1793 eta 1876 artean kolonoek Tasmaniako betiko biztanle guzti-guztiak garbitu zituzten, ezta bat bera ere utzi gabe. Europatik etorri berrien ustez, aborigenak pizti hutsak ziren, uhartea kolonizatzeko prozesuan traba egiten zuten basoko animaliak. 1793tik itsasgizon britainiar eta estatu batuarrek emakume aborigen bahitu eta sexu-esklabo gisa erabili zituzten.  Paradoxikoa bada ere, horri esker, aborigenen odola daukaten ondorengo batzuk gaur egun arte heldu dira. Orain milaka batzuk dira eta euren lurren aldeko borrokan daude murgilduta.


Michael eta Tamami agertu behar sarrera honetan...beraiek dakite zergatia!

Zelanda Berria


Azken hiru hilabeteetan ondoko herrialde baten txanda izan zen: Zelanda Berriarena, alegia. Berriro ere biko bat. Oraingo honetan bata da iparraldeko uhartea eta bestea hegoaldekoa, euren artean ezberdin bezain osagarri.


Hegoaldeko uhartea ez da oso jendetsua. Irla honen bi aldeak, ekia eta mendebaldea, oso bestelakoak dira. Mendebaldean euria egiten du askotan, eta ondorioz handia da betiko oihanak estaltzen duen zatia. Ez da kasualitatea paisaia hau gertatzea parke naturalen mugen barruan; inguru heze eta oroiterazle honetan filmatu zen Tolkienen liburuan oinarritzen zen pelikularen zati bat. Lagun batekin inguru horretan bidaiatzen ari nintzela, Orkoak noiz agertuko geunden zain. Oihanen gainetik hemengo Alpeen ahaideak diruditen mendi harritsuak nagusitzen dira. Ekialdean, aldiz, nagusi dira ondo hesituta dauden larreak eta hauetan bizi diren belarjale-artile-ekoizle horiek. Alde honetan belardiak ez direnak badira pinudiak; paisaia, berez, horren europarra izanik, badirudi Gipuzkoa edo Behe Nafarroako edozein txokotan zaudela.


Iparraldeko uhartean, aitzitik, askoz jende gehiago bizi da. Paisaiari dagokionez, sumendiak dira nagusi; hauek badaude “bizirik baina lo” hangoen hitzetan, eta inoiz-inoiz esnatzen dira. Toki batzuetan, Lurrean baino badirudi Ilargian bazaudela.



Zelanda Berrian, Tasmanian bezala, bizikleta batzuetan alde batean utzi eta oinez murgildu nintzen ahuntzek eta mendizaleek partekatzen zituzten bidezidor batzuetan, urruneko txoko zoragarri batzuk ezagutu arte. Beraz, soinean motxila edo atzean alforjak tokiaren arabera, Hegoaldeko Irlaren hiriburutik, Christchurchetik, hegoaldeko muturreraino bidaiatu nuen eta handik gora egin nuen mendebaldetik Iparraldeko Uharteraino, Aucklandera iritsi arte.



Mendizale baten edo besteren iritziz, esperientzia hibrido honi “8,000 plus txartela”  eman lekioke, 8,000 baino gehiago, guztira 9,500, izan baitira horizontalean egin ditudan km-ak; edonola ere ezin alderatu Euskal Herriko mendizale anitzek, askoz meritu handiagorekin, aldapan gora egiten dituzten beste metroko bidearekin.




Azken hausnarketa

Bidaia honetan, hor nonbait nengoela, behin baino gehiagotan etorri zait burura ideia bera. Hots, bidaiariok, edo behintzat bidaiatzen dugunok, egun batean abiatzeko erabakia hartzen dugu, eta aberria, familia, lagunak, hamaika gauza txiki eta gure zatitxo bat atzean utzita, bagoaz beste lurralde batzuetara. Atzean utzitako hori guztia faltan botatzen dugu, baina, aldi berean, badakigu, ondo jakin gainera, bueltan hor izango dugula, ia izozturik, zegoenetan.



Ondo segi!!