Iratxek egindako lehenetariko bidaia bat, gaur egun osatzen dugun "ekipo" hau sortu baino lehen. 12 egun izan ziren soilik, baina ondo aprobetxatuta eta bidaiatzeko modu honekin maitemintzeko nahiko baino gehiago. Hona hemen bere esperientzia:
Toscana
Toscanako eskualdea, Italian, oso famatua eta turistikoa da. Oso ohikoa da autoz edo motorraz egitea, baina, zergatik ez bizikletaz? Bizikletak aukera paregabea ematen dizu tokiak sakon ezagutzeko eta paisaiak miresteko, edozein motordun ibilgaiuk baino hobeto. Motelago zoaz, beraz, xehetasunei gehiago erreparatzen diezu eta, nola edo hala, paisaiaren parte zara.
Nahiz eta iraila izan, bero handia egiten zuen. Baina turista asko egon arren (noiz ez dago, bada, turistarik Italian?), ez zen udan egon daitekeen jendetza.
Hori bai, ezjakinegia izan nintzen, ez dakit zergatik uste nuen bertaratu aurretik guztia nahiko laua izango zela...ezta pentsatu ere! Mendixkaz beteriko eskualdea da; errepide txiki guztiak herrien erditik pasatzen dira eta, nola ez, muinoetan kokatuta daude herrixkok. Beraz, egunero aldapan gora eta behera ibili behar. Baina ahalegin guztiek saria daukate: ezagutzen dira herri zoragarriak, inguruko paisaiak eta Italiako gastronomia.
| Ay ama, ze nolako piura!! |
Massan hasi nuen bidaia (Milanetik ailegatu nintzen trenez), Carrarako inguruan. Hemendik ikus daitezke zuri koloreko mendiak itsasoaren ondoan eta badirudi elurtuta daudela. Baina kolore hori marmolak ematen dio. Antza, hortik ateratzen zen Miguel Angel eskultore famatuak erabiltzen zuen marmola.
Handik abiatuta, Viareggioraino heldu nintzen; kostaldeko hiri bat da bere ihauteriengatik famatua dena. Luccarako bidean lehenengo kilometroak astun samarrak izan ziren, autobidearen paretiktrafiko handia zegoelarik.
Lucca hiri txiki bat da, hesituta, bere kale estuek paseatzera gonbidatzen dute. Beti errepide txikietatik jarraituz, Montecatini Termera ailegatu nintzen mendixka baten goi partean zegoen kanping batean lo egiteko. Ikuspegiak itzelak!
Hurrengo geltokia Vinci izan zen. Bai, Leonardo da Vinci handiaren jaioterria. Herri oso txikia da; bertan museo bat dago eta bere maisulan batzuen eskultura batzuk daude. Baina, bitxikeria moduan, ez zen herri honetan jaio, baizik eta handik 5 kilometrora dagoen herrixka batean.
Hortik Florentziarako bidean, trafikoa eta errepide handiak ahalik eta gehien sahiesteu behar.
Vincikoen filosofia: errazagoa da garbi mantentzea garbitzea baino :)
|
Florentzia, edo Firenze italieraz, Toscanaren eta Errenazimenduaren hiriburua da. Ez da oso handia eta bisitatzekoa dena erdialdean dago, beraz, egokiena da bizikleta utzi eta bere kaleetan murgiltzea. Gizadiaren Ondarea izendatu zuten eta txoko oro arte, historia eta arkitekturaz beteta dago.
Eskultura asko ikusten dira kaleetatik, bertan dago Miguel Angelen David eskultura ospetsua. Hori gutxi balitz, Piazzale Michelangelotik ikus daitezkeen ilunsentiak izugarri ederrak dira.
Chianti
Chiantia, ("kianti" ahoskatzen da) Italiako prestigio handiko ardo beltza da, oso ezaguna mundu osoan. Izen hori dauka Chianti haranean ekoizten delako, Toscanaren bihotza den haranean, hain zuzen ere. Florentzia eta Sienaren arteko mendixken eta Arezzo eta Pisa arteko mendixken artean dago kokatuta. Eskualde honetan topatzen ditugu Toscanarekin lotzen ditugun paisaia tipikoak: mendixkak nonahi, mahastiak, hesituta dauden Erdi Aroko herrixkak eta etxezar izugarriak. Hori bai, bizikletaz bidaiatzeko eskualde hau "hankahauste" izugarria da: denbora guztian maldan gora eta maldan behera. Ni ziur nago igo nuela jeitsi nuena baina askoz ere gehiago!
Greve in Chianti herrian zorte handia izan nuen eta ardo azoka bat topatu. Herrian zegoen giroa itzela eta bertako ardoak dastatzeko aukera zegoen. Egun horretako anekdota: gizon bat hurbildu eta hasi zitzaidan kontatzen Santiago Bidea bitan egin zuela eta Florentziatik hurbildu zela azokara bizikletaz. zortzi ardo edanda zihoanez, ari zen paseatzen eta pastel bat jaten "zorabioa" pasatzeko eta etxera itzultzeko gai izateko! Baina eguerdian 38 graduko tenperatura eta ardo beltza ez dira oso bateragarriak...batez ere bizikletaz abiatu behar bazara!
Toscanako edozein biratan ezinbestez ezagutu behar diren herrien artean Montepulciano dugu. Herria malda bateandago kokatuta, beheko partetik goiko plazaraino 11 kilometroko batean hain zuzen ere. Baina ahalginak merezi du.
Ezinbestekoa den hurrengo geltokia Montalcino da. Hara heltzeko ere indarra agortu gabe izan behar, ez bada "pajararik" sufritu nahi. Igoera luzea da oso, une oro ikusten duzu herria hor, parean, baina ailegatu ezinik. Hori bai, behin ailegatuta ikuspegiak apartak dira.
Hortik Sienarako bidean, paisaia ederrez inguratuta. Mahastiak, mendixka berdeak, soruak eta etxezarrak. Tamalez, iraila izanda koloreak ez ziren udaberrian topatu daitezkeenak bezain bizi eta anitzak. Siena hiria izen bereko probintziaren hiriburua da eta bere erdialdea Gizadiaren Ondarea izendatu zuten. Ez da harritzekoa, katedrala izugarria eta Piazza del Campo txoko paregabea baita. Bertan ospatzen da Palioa, plazan bertan egiten den zaldi lasterketa hiriko auzo ezberdinen artean. Gehiago jakin nahi izanez gero, Wikipedia bedeinkatuak lagunduko dizue!!
Siena atzean utzita, ipar-mendebalderuntz abiatu nintzen, beti mahats-soroen artean. San Gimignano izan zen geltokia. Herri hau da inoiz ezagutu dudan herririk izugarriena. Erdi Aroko herribildu txikia, Gizadiaren Ondarea, mendixka baten gainean datzana Dorreak dira atentzio gehien ematen dutena. Urrutitik, bizikletaz hurbildu ahala, ikus daitezke dorre horiek, erraldoiak balira bezala. Hamahiru dira, hain zuzen ere, geratzen diren dorre guztiak. Garai batean 72 zeuden! Erdi Aroan, dorreak poterearen ikurra ziren eta hango familiek "borrokatzen" zuten ahalmen handien nork zeukan erakusteko. Herriko kaleetatik paseatzeak txiki-txiki sentiarazten zaitu, inurrien parean. Baina, horren herri berezia izanda, nahiz eta txikia izan, imajinatu dezakezue turistaz beteta dagoela.
Bidaiaren azken aurreko geltokia: Volterra. Erdi Aroko beste harribitxi bat da, hesituta eta jauregiz, dorretxez eta historiaz betea. Alabastroagatik ere da famatua. Baina, egia esan, ez nuen asko disfrutatu herri honetan, kriston haizezakarra baitzebilen. Haraino ailegatzea izugarri kostatu zitzaidan, trafiko handiko errepide batetik eta denbora guztian haizeak errepideruntz bultzatzen ninduen.
Azken kilometroak maldan behera edo lauak, behintzat, izan ziren (azkenik!), kostaldera ailegatu arte, Cecina izeneko herri batera, hain zuzen ere. Han, Pisaraino eraman ninduen tren bat hartu nuen. Pisan bidaia honi amaiera emango zion hegazkina neukan zain, baina ordu batzuetako tartetxo bat izan nuen hiriko kaleetatik paseatzeko. Nola ez, Piazza dei Miracoliraino hurbildu nintzen, non katedrala, baptisterioa eta dorre famatua dauden. Dibertigarria da oso ikustea turista guztiak argazki tipikoa ateratzen: dorrea eusten ari direla. Noski, neuk ere badaukat halako argazki bat!
Hamabi egun toperaino aprobetxatuta eta argi geratu zitzaidan Toscana ezagutzeko modurik aproposena bizikletaz dela. Kilometro bakoitzak merezi izan zuen eta pedalei eragiten nien bakoitzean toki izugarrietara hurbiltzen nintzen. Halako bidaia bat egiteko aukera baduzue, ez izan zalantzarik!
Hurrengora arte!